XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kale bat. Argi urdina. Gaua.

Eskenan, egurrezko banko erromantiko bat besterik ez da ikusiko.

Bertan, etzanda, arlote bat.

Atzekaldean eskenan beste zerbait ere badagoela susma daiteke, baina ahal den eta gutxien igarri beharko da zerbait hori.

Jarleku eta atzekalde horren artean belo bat ipiniz lor daiteke ez igertze hori.

Imanolek. - (Etzanda iraungo du pittin bat.

Gero eseri egingo da, eta, besoak eta gorputza teinkatu ondoren, alde batetara eta bestera begiratuko du harrituta.

Besoak igurtziko ditu.

Azkenean, jeiki egingo da.)

Nora joango ote zen txoro hori!

(Besoak igurtziz) Hau duk hotza hau!

(Ibili egingo da piska bat)

Elkarrekin etzan gintuen biok bart arratsean eta...

(Isilaldi laburra) nola ez naiz konturatu alde egin duenean?

(Isilaldia) Dena den, ez da ez hori oso seinale txarra...

(Besoak teinkatzen ditu berriro) bai, oso ondo egin dut gaur lo.

(Eseri egingo da. Gero etzan.

Eseri egingo da berriro eta besoak igurtziko ditu.)

Ezker aldetik, Narkis, hogeitamar bat urteko beste arlote bat sartuko da.

Herrena da. Imanol begira geldituko zaio.

Narkisek. - (Eskuak besopetan sartuta dituela, Imanolen aurrean geldituko da.)

Hotz egiten dik, e?

Imanolek. - Galanta!, baina dagoenekoz ohituta gatxeudek honelako gauekin.

Zer, parrandan ibili al haiz?

Narkisek. - Parrandan? Nahi bai, baina laister gelditu nauk sosik gabe, eta karitatea oso urria huen bart arratsean.

Mundu alua hauxe!

Gero, zabalduta ikusi dudan atari batetara sartu nauk, lotarako asmoz, baina nire zurrungek ez ditek gehiegi irauterik izan.

Duela ordu bete luze, nire atzetik etorri den etxe hartako batek kalera bota nauek.

Kristonak esan zizkioat ardomordo alu hari, baina... (besoak igurtziz)

Hau duk hotza hau!

Hain ederki ninduen bero-bero atari hartan eta... Arraioa!

Imanolek. - Tira! Eseri hadi hemen nire alboan.

(Narkis eseri egiten da).

Neu ere ederki asko ninduen hemen Glorirekin lotan, baina ez zekiat nora letxes joan den emakume hori.

Narkisek. - Hi!, hemen geldirik, hor nora edo hara ibilita baino hotz handiagoa egiten dik!

Imanolek. - Geratu hadi piska bat.

(Besarkatu egiten du eta elkar igurtzika hasten dira)

Hau ezin litekek egin hortik noragabe ibilita.

Zer, hobeto orain?

Narkisek. - Piskat hobeto. (Isilaldia)

Horren goiz ez balitz hotelera joango ninduake lotara, baina ez zidak merezi haraino joateak.

Imanolek. - Edozeinek esango likek gaur goizean ezertarako presa daukakenik!

Goiz osoa dadukak lo egiteko, eta hotela egun osoan zegok irekita.

Narkisek. - (Berriz besoak igurtziz)

Goiza ez zaidak bat ere gustatzen lo egiteko.

Negozio bat diat gainera gaur goizean.

Imanolek. - Negozioa? Beno, heuk jakingo duk zer txatxarkerietan habilen.

Aaaa! (Hasperen sakon batez)

Uste diat lotan jarraitzea izango litzatekeela onena.

Oraindik dexente falta duk goizargirako eta...

Narkisek. - Egiten duen hotzarekin hemen lo egin?

Imanolek. - Ez hadi babua izan.

Lo franko egin giat nik txoro hura nirekin egon den bitartean.

Benga! Etzan hadi hor!

Narkisek. - Zoratu egin al haiz?

Ez diat hementxe bertan izoztuta gelditu nahi.

Ni banatxiak.

Imanolek. - (Narkisi sorbaldetatik helduz)

Ai!, oraindik asko ikasi behar duzue gazteek.

Kalez kale bai izoztuko haizela.

Etzan hadi, eta ikusiko duk zein ederki egingo dugun lo.